2008-10-28

"LA CORPORACION" dokumentala

Korporazioa, enpresei edo erakundeei pertsona izaera ematean datza (pertsona juridikoa deitua), horrela norbanakoek dituzten eskubideak lortzen dituztelarik. Izan ere, enpresen helburua etekin ekonomiko ahalik eta handiena lortzea izaten da. “La corporación” izeneko hiru kapituluko dokumentalean argitzen denez, korporazioek pertsonen izaera eta hauei dagozkien adjektiboak hartzen dituzte. Horrela, McDonalds gaztea eta aktiboa da, adibidez.

Hala ere, honelako enpresek zentzu peioratiboa hartzen dute normalean, euren interesak baino ez dituztelako defendatzen. Dokumentalean, zehazki, psikopata terminoa erabiltzen da korporazioa deskribatzeko, eta hainbat jokabide leporatzen zaizkio. Azken hauek langileen eskubideak ez errespetatzea, beren zilborrera soilik begiratzea, ingurugiroa ez errespetatzea eta abar. dira, besteak beste. Alta, korporazioek izugarrizko indarra daukate mundu osoan zehar, gobernuak kontrolatzerainokoa.

Aipagarria da herrialde txiroetan sartzeko izaten duten erraztasuna. Helduak bai, baina umeak ere jartzen dituzte lanean soldata penagarri baten truke. Baina, zer egin dezake ezer ez duenak? Hiru zentimo hutsa baino gehiago dira, nahiz eta hutsaren hurrengoa izan, eta bizitzeko (hobe baldintzena ez aipatzea…) daukaten bide bakarra izaten da. Beraz, enpresek etekinak handitu ditzakete langileen eskubideak errespetatzeko beharrik izan gabe. Txarrena, ordea, umeek ekoiztutako produktu horiek guk lotsa barik erostea izan liteke. Lehen Munduan bizi garenok gara herrialde horietan gertatzen denaren errudunak, begiak itxi eta geure erosketekin jarraitzen dugu eta.

Beste alde batetik, korporazioek beren buruak babesten dituzte, eta publizitatearen bidez eta arazoak ezkutatuz ideal perfektuaren itxura mantendu nahi izaten dute. Dena den, askotan ezin izaten dituzte arazoak ezkutuan mantendu, eta horren adibide garbia da behiak gaixotzen dituen enpresaren kasua, nahiz eta gutxi batzuek baino ez jakin egia. Indar handiko erakundeak dira, horietako asko herrialde jakin batzuen ekonomian oso garrantzitsuak direnak, eta horrek indar politiko eta soziala ematen die. Laburtuz, korporazio batzuek edozein baliabide erabiltzen dute euren helburua lortzeko, hau da, etekin ekonomikoa eskuratzeko. Gainera, oso zaila da hauen kontra gailentzea, oso indartsuak izaten dira eta.

2008-10-26

Wikipedia KOSKA IRRATIA


Koska irratia, 108.0 Fm, Uribe Kostako irrati librea dela diote sortzaileek, ezartzen dizkieten inposaketa, arau eta ezarpenen kontra agertzen dituzten nahi eta ekimenengatik. Irrati abertzale, euskaldun eta ezkertiarra da, eta Euskal Herriko gatazkaren ondorioz kartzelan dauden presoak izaten ditu gogoan. Gainera, desobedientzia zibila bultzatzen du, eta herrian eta mundu osoan zehar ahotsik ez duten taldeen bozgoragailu izan nahi du. Koska Irratia elebiduna da, baina euskara da erreferente nagusia. Bestalde, emisora honek bi programa mota ditu. Batetik, autonomoak direnak, pertsona edo talde batzuek gidaritzapean zuzenduak eta emitituak. Bestetik, barne programak, irratiaren forma eta itxura baldintzatzen dutenak dira, asanbladan nondik nora joko duten erabakiak hartzen dituztelarik. Besteak beste, albisteak, musika eta gazteen inguruko gaiak jorratzen dira 108.0 Fm-an. Azkenik, irratiak autogestioa du diru kontutan. Hori dela eta, ekoizleek norbanakoen eta kolektiboen laguntza eskertzen dute.

2008-10-25

TOP 7 ZERRENDA

Hauek dira, garrantziaren arabera sailkatuta, gure ikasgairako baliagarriak iruditzen zaizkidan webguneak:

1.- www.google.com

Webgune honek sarean dauden beste guztietara bidera gaitzake, hau da, bilatzen duguna zein den jakin gabe ere, ordura arte ezezagunak ziren helbideak erakusten dizkigu. Beraz, interneteko lotura berebizikoa eta erabiliena iruditzen zaidanez, zerrenda honen buruan jartzea erabaki dut. Laburtuz, bide honek edonora garamatza.

2.- www.youtube.com

Nahiz eta honen antzeko bideo bilatzaile asko egon, ospe gehien duena dela iruditzen zait. Honi esker ikus-entzunezko elementu garrantzitsuena (bideoa) aurki dezakegu. Gainera, gure bideoak publikatzeaz gain interesatzen zaizkigunak ere jaso ditzakegu. Azkenik, bertako elementu asko eredu gisa har ditzakegu gure lanak egiterakoan.

3.- www.softonic.com

Softonic programak dohainik edo ordainduta jaisteko webgunea da. Nahiz eta jadanik dvd-a izan, bertan ageri ez den programa bat lor dezakegu. Egin behar ditugun lanetan baliagarriak izango diren programak hemendik eskura genitzake.

4.- www.archive.org

Laugarren helbide honek webgune batzuei buruzko oraingo eta lehengo informazioa aurkitzen laguntzen digu. Iraganean espioitza lana egiteko oso egokia da eta, beraz, informazio zuzena emateko baliagarria. Gainera, bideoak eta audioa bilatzeko aukera ematen du.

5.- www.mogulus.com

Nahiz eta hasieratik jakin webgune hau gure ikasgaian garrantzia handikoa dela, bostgarren postuan jarri dut. Lan jakin batzuetan erabiliko badugu ere, aurreko laurak edozein unetan erabili ditzakegula iruditzen zait. Hala ere, argi dago ikus-entzunezkotako tresna ezinbestekoa dela.

6.- www.audiovisuales.net

Ikus-entzunezko elementu garrantzitsuenak biltzen dituen webgunea da hau. Irratia, telebista, zinema eta abar. osatzen dituzten munduko helbide ezagunenak aurki ditzakegu bertan. Horrela, gure ikasgaia osatzen duten arloak barnehartzen dituen bilatzailea izango dugu.

7.- www.bertsoa.com eta www.bertsoplaza.tv

Zerrenda honen azkenean bi webgune jartzea erabaki dut. Izan ere, oso antzekoak dira biak. Bertsoen inguruko informazioa ematen dute bai idatziz, bideoz eta bai telebista zuzenez ere. Gure ikasgaia osatzeko ez dira oso garrantzitsuak, baina egiten jakin behar dugunaren adibide garbienak iruditzen zaizkit, eta horregatik jarri ditut zerrendan. Zer eta nola egin ikasteko bide ona direla uste dut. Esan bezala, zuzeneko telebista ere eskaintzen dute, beraz, lehen atazaren eredu argiak direla esango nuke.

2008-10-23

Nola idatzi herrien izenak?

Irakurri arretaz ondoko esaldiak, ondo ahoskatzen saiatu eta esan bietatik zein dagoen ondo idatzita. Esaldiok telebistako zein irratietako informazio saioetan esateko moduan omen daude.

Egilea: Gorka J. Palazio. CC 3.0 lizentziapean (by-share alike). Euskal Herriko Unibertsitatea.

0.A- Al Gore estatubatuarrak, Luxenburgoko Dukerri Handia bisitatu ostean, Euskal Herriko bidea hartuko du mintzaldi bana emateko Bilbaon eta Gasteizen.
0.B- Al Gore estatubatuarrak, Luxemburgeko Dukerri Handia bisitatu ostean, Euskal Herrirako
bidea hartuko du mintzaldi bana emateko Bilbaon eta Gasteizen.

*A esaldia da ondo idatzita dagoena, Euskaltzaindiak ez du “Luxemburgeko” onartzen eta.

1.A- Zenbait manifestaldi jendetsu egin dira azken egunotan Kazakhstango Errepublikan
1.B- Zenbait manifestaldi jendetsu egin dira azken egunotan Kazajstango Errepublikan

*A esaldia da ondo idatzita dagoena, herri horren izena horrela idatzi behar baita.

2.A- Litekeena da Marokon edo Gambian izatea Aldaketa Klimatikoari buruzko datozen topaketak
2.B- Litekeena da Marokkon edo Ganbian izango dira Aldaketa Klimatikoari buruzko datozen
Topaketak

*A esaldia da ondo idatzita dagoena, herri izen hauek baitira Euskaltzaindiak onartzen dituenak.

3.A- Boliviar gutxi dira bertako hiru hizkuntzak, kitxua, aimara eta gaztelania alegia, menperatzen dituztenak.
3.B- Boliviatar gutxi dira bertako hiru hizkuntzak, kitxua, aimara eta gaztelania alegia, menperatzen dituztenak.

*Euskaltzaindiaren esanetan, A esaldia da ondo idatzita dagoena

4.A- Georgiako hiriburuan, Tbilisin alegia, euskaldunak non bizi diren eta georgiarrak eta
euskaldunak ahaideak izan daitezkeela dakite askok.
4.B- Georgiako hiriburuan, Tiflisen alegia, euskaldunak non bizi diren eta georgiarrak eta
euskaldunak ahaideak izan daitezkeela dakite askok.

*A esaldia da ondo idatzita dagoena, “Tiflis” gaztelerazko hitza delako. Euskaraz “Tbilis” esaten da.

5.A- Abkhaziarrak georgiarren senideak dira hizkuntza aldetik; osetiarrek, ostera, kurdoen
hizkuntzaren multzokoa dute mintzaira, senidetasunik gabekoa, alegia.
5.B- Abjaziatarrak georgiarren senideak dira hizkuntza aldetik; osetiarrek, ostera, kurdoen
hizkuntzaren multzokoa dute mintzaira, senidetasunik gabekoa, alegia.

*Hemen ere, A esaldia da zuzen dagoena.

6.A- Euskal arrantzaleek Seychelletako Errepublikara jo dute ezinbestean, itsas-piraten beldur.
6.B- Euskal arrantzaleek Seitxelletako Errepublikara jo dute ezinbestean, itsas-piraten beldur.

*A esaldia da ondo idatzita dagoena, Euskaltzaindiak onartua delako; “Seitxelletako” hitza, ordea, ez.